2011 urtean hasi zen dena. Bertsozale elkartean lan egiteari utzi nion unean, Puntutan ideia hasia zen burutik bueltaka.

Euskalgintzan ez nuen, euskaratik sortutako diseinuak zituzten arroparik topatzen. Euskararen aldeko festetako arropak ziren batetik (Korrika, Kilometroak, Herri Urrats, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz…); musika talde ezberdinenak; marka zenbait non marka bera zen arropatan ikusten zena… baina, gure bertsolaritzarekin, euskara, hizkuntza, gu… lotutako textuekin sortutako arroparik ez zen.

Puntutanen historia

Zortzikoa izan zen sortu genuen lehen diseinua. Eta genuen diot, Puntutanen sostengu, arnas eta lagun on bat Eneko Salaberria “Dixidu” izan zelako, eta delako.

Nere Puntutaneko ideiaren berri eman nion unean, bera ere hasi zen Puntutaneko parte izaten. Eta bere lan mahaian, nik emandako ideiatik sortu genuen Zortzikoa diseinua. Prozesua oso azkarra izan zen. Paperean, emaitza oso polita zen. Eta arropatara eraman genuenean… bua!! Egun, gehien saltzen den diseinua da.

Puntutan sortu nuenetik, gora behera asko izan dira. “Azken puntua” emateko egoeran izan naiz behin baina gehiagotan. Bizitzeko beste ez zuen ematen; baina beste lan batekin partekatzeko modurik ere ez. Erdi bidean zen beti. Ezer esaten ez duen bertso bat bezela. Ez aurrera, ez atzera. Baina, egoskortasunez; eta batipat, hutsune bat ikusten gure mundu honetan, aurrera egin nuen. Finean, Puntutaneko diseinuetan gure “nor” hori ageri da. Gure “nor” aldarrikatzailea, umoretxua, gogoetarako bide ematen duena, adar jotzailea… Bakarrak ginen halako ideia hartu eta aurrera egin genuenak; eta egun ere, marka gehienak euren markaren izena baliatzen dutena arropak egiteko baina, Puntutan marka, puntutanen diseinuetan dago eta ez “puntutan” izenean.

Arropekin ere, aukera eta “etxe” ugari probatu ditut urte hauetan. Arropa organikoa da eskaintzen dudana egun. Erosoak, egokiak…

Puntutan baina, ez du arropa denda soil bat izan nahi. Eta poliki bada ere, bertsoetatik sortu bezela, bertsoa sortzen hasi du bidea egiten. Horren ondorioz, 2022an, Puntutan kokatzen den Loiola auzoko festetan, bertso saioa antolatzen hasi da. 2022ko gabonetan ere, Doka kafe antzokiarekin batera, bertso saioak antolatzen hasi ginen. Bertsoetatik elikatzen den bezela, plazak sortzen eta eragiten segi nahi du.

Puntutan janzten duenak, hemen kontatutako historia guztia darama soinean. Puntutanen diseinuak, zeozer eragitea du helburua. Irriparre bat, pentsamendu bat… zeozer.

Akaso ez dugu beti lortuko. Baina, bidean goaz eta bidean gaude.

Harpidetu gure buletinera

Gustatuko litzaizuke gure azken berrien eta eskaintzen berri izatea?

Ez dugu spam-ik egiten! Irakurri gure pribatutasun politika , informazio gehiago lortzeko.